Europako Batzordeak, EBko estatuetako laguntzei buruzko arauekin bat etorriz, Espainiako araubidea onartu du. Araubide horren aurreikusitako aurrekontua 2.900 milioi eurokoa da. Araubide horren bidez, energia-kontsumo handia duten enpresak partez konpentsatu nahi dira, zeharkako isurien kostuen ondoriozko elektrizitate-prezioen igoeragatik, EBko isuri eskubideen merkataritza araubidearen esparruan. 2021 eta 2030 bitartean elektrizitatea sortzeko kostuen igoeraren zati bat ordainduko dute araubide horrekin.
Batzordeak 2.000 milioi euro baino gehiago ordaintzea onartu du, Brexitera Egokitzeko Erreserbaren esparruan, hamabi estatu kiderendako. Erabaki horren arabera, 2022ko martxoaren amaierarako 819,2 milioi euro jarriko dituzte erabilgarri, eta gainerakoa, beranduenez, 2023ko apirilean. Finantzaketak Brexit-ak ekonomian eta estatu kideetako eskualdeetan duen eragina arintzen lagunduko du, eskualdeei eta sektore ekonomikoei laguntza emanez, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako neurrien bidez, enplegua sortu eta babesteko.
Europako Batzordeak planaren zirriborroa aurkeztu du, Europa erregai fosil errusiarrekiko independentea izan dadin 2030a baino askoz lehenago. Plan horrek, halaber, zenbait neurri biltzen ditu Europan energiaren prezioen igoerari erantzuteko eta datorren neguari begira gas erreserbak berosatzeko. REPowerEU-ren xedea da gas hornidura dibertsifikatzea, gas berriztagarrien erabilera bizkortzea eta berokuntzan eta elektrizitate sorkuntzan gasa ordeztea.
Batzordeak 225 proiektu onetsi ditu Laguntza Teknikoko Tresnaren esparruan, estatu kideei erreformak prestatzen, diseinatzen eta aplikatzen laguntzeko, administrazio publiko moderno eta erresilientearen, hazkunde jasangarriko estrategien eta ekonomia erresilienteen alde, eta, aldi berean, egungo eta etorkizuneko krisiei aurre egiteko gaitasuna hobetzeko. Laguntza Teknikoko Tresnaren 2022rako lan-programak zenbait berrikuntza ere jasotzen ditu, hala nola estatu edo eskualde anitzeko proiektuak, enblematikoez gain.
Errusiak Ukrainari egindako erasoaren ondorioz, agerian gelditu da Europa Errusiako gas naturalaren mende dagoela. Europar Batasuneko gas-inportazioen % 45 inguru Errusiatik ekarritakoa izan zen 2021ean; gas-kontsumo osoari dagokionez, ia % 40. Hori dela eta, Energiaren Nazioarteko Agentziak 10 puntuko Plan bat argitaratu du. Plan horren arabera, Errusiako gas naturalaren mendekotasuna heren bat baino gehiago murriztuko litzateke urtebeteko epean.
Kontseiluak ondorio batzuk onetsi ditu; horietan, eskatzen du babes zibila klima-aldaketak eragindako muturreko fenomeno meteorologikoetara egokitzeko. Fenomeno horiek gero eta ugariagoak, biziagoak eta iraunkorragoak dira, eta, hortaz, beharrezkoa da EBk eta estatu kideek zerbait egitea. Ondorio horiek urrats bat dira norabide horretan, eta EBren erresilientzia hobetu nahi dute.
Nazio Batuen Ingurumenerako Batzarra Nairobin bildu zen martxoaren 2an, eta adostu zuen negoziazioak hasiko zirela plastikoek eragindako kutsadurari aurre egiteko mundu mailako akordio lotesle bati begira. EBren diplomaziak funtsezko zeregina bete du munduko komunitatearen babesa lortzeko akordio horretan; akordio horren helburua da ingurune guztietan plastikoek eragindako kutsadura murriztea eta, ondoren, ezabatzea.
Europako HEINSOL, PREBIST eta DISCOVER funtsekin finantzatutako proiektuen laguntzarekin, baliteke ikertzaileek eguzki-energiaren egungo teknologiaren alternatiba hobea aurkitu izana gelaxka fotovoltaiko ultrafinaren mota berri batekin. Gelaxka fotovoltaikoa zilarrezko eta bismutozko atomoak dituzten nanokristalez fabrikatua dago, eta egungo gelaxka fotovoltaiko ultrafinak egiteko behar diren elementu toxikoekiko (beruna, adibidez) edo elementu arraroekiko (indioa, adibidez) dugun mendekotasuna murrizten lagun dezake.
2021ean, EBk energia eolikoan 11 GW baizik ez zituen gehitu, eta aurreikuspenek diote 2022tik 2026ra bitartean ere gutxi gehituko dituela, urteko beste 18 GW inguru. Ordea, 2030erako ezarritako helburuak bete ahal izateko, EBk urtero 30 GW eoliko batu beharko lituzke. Erritmo motel hori baimenak emateak eragiten du nagusiki, eta horrek Europako hornidura eolikoaren kate osoari eragiten dio, eta, era berean, dozenaka lanpostu arriskuan jartzen ditu.
Solas Sustainable Energy Fund ICAV (SSEF) izenekoa Solas Capital AG-k aholkatutako funtsa da. Haren lehen itxieran 140 milioi euro bildu zituen, barnean dela Europako Inbertsio Bankuaren 30 milioi euroko konpromisoa. Funtsak 200 milioi euro lortu nahi ditu, eta zorra finantzatuko die energia-zerbitzuen enpresei, energia eraginkortasuneko eta energia berriztagarri txikietako proiektuak gauzatzeko, batez ere Europar Batasunean. Erabaki horri esker, urrats bat gehiago eginen dugu Europar Batasunaren Akordio Berdeak 2050erako neutral bihurtzeko duen asmoa lortzeko.
Txosten berezi batean, lau eredu desberdinekin, Erdialdeko eta Ekialdeko Europako herrialdeetan bioekonomia zirkularrak garatzeko bidea adierazten da, bertan berrikuntza eta ezagutza zientifikoaren eta bioproduktuen ezarpenaren arteko arrakala zabala baita. Txostenaren helburua da arduradun politiko nazionalak aldaketan gidatzea, horiek zientzian oinarritu behar baitute, eta baita enpresek aldaketan duten funtsezko papera azpimarratzea ere.
Elikagaien hotz-biltegiek elektrizitate handia kontsumitzen dute eta, aldi berean, galtzen den bero sobera sortzen dute. Energia biltegiratzeko teknologia berri bat garatu da Europako finantzaketarekin, eta teknologia horrek sektorearen energia-profila hobetuko du, energia berriztagarriak babestuko ditu eta jasangarritasunerako eta karbono-neutraltasunerako Europako asmo handiko planei lagunduko die.