Batzordeak pozik hartu du Europako Parlamentuak Zerbitzu Digitalen Legea eta Merkatu Digitalen Legea onartzea, hala proposatu baitzituen Batzordeak 2020ko abenduan. Zerbitzu digitalei buruzko paketeak lehen arau-kode zehatz bat ezartzen du lineako plataformetarako, gure eguneroko bizitzan ditugun horietarako, alegia. Arau berri horiek EB osoan aplikatuko dira, eta espazio digital seguruagoa eta irekiagoa sortuko dute, oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritua.
Zuzentarau berriak xede du langileek soldata egokiak jasotzea, beren bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko eta ekonomia eta gizarte bidezkoak eta erresilienteak eraikitzeko. Hori tradizio eta eskumen nazionalak erabat errespetatuz eginen da. Zuzentarauak honako elementu nagusi hauek ditu: Legezko gutxieneko soldatak finkatu eta eguneratzeko esparrua; soldatei buruzko negoziazio kolektiboa sustatu eta erraztea; eta gutxieneko soldataren babesaren jarraipena eta aplikazioa hobetzea.
Maiatzaren 18an, EBko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Aholku Batzordean (ACSH), estatu kideak, langileak eta enplegatzaileak ados jarri ziren COVID-19a gaixotasun profesional gisa aitortu behar dela osasun eta gizarte arretan eta etxez etxeko laguntzan, eta, pandemia testuinguru batean, infekzio arrisku egiaztatua duten jardueretan agerraldia dagoen sektoreetan. Halaber, EBko gaixotasun profesionalen zerrenda eguneratzea babestu zuten.
Batzordeak pozik hartzen du Europako Parlamentuaren eta EBko estatu kideen artean Merkatu Digitalen Legeari buruz lortutako akordio politiko azkarra. Araudia, proposamena egin eta urtebete pasatxora adostua, enpresa digital handienen guardia-boterea modu integralean arautzeko lehen ekimenen artean dago.
EBk aldaketak proposatu ditu baloreen likidazioari eta baloreen gordailuzain zentralei buruzko erregelamenduan, EBko likidazio merkatuen eraginkortasuna hobetzeko, eta, aldi berean, finantza egonkortasuna zaintzeko. Eragiketa baten likidazioak, gaur egun, bi egun baliodun irauten ahal du, eta, bitarte horretan, horrek kreditu arriskuak nahiz arrisku juridikoak sortzen ahal ditu. Hortaz, transakzio horiek segurtasunez eta eraginkortasunez likidatzen direla bermatzea funtsezkoa da EBko finantza sistemarako.
Europako Batzordeak baldintzen araubide orokorrari buruzko gidalerroak onetsi ditu, EBren aurrekontua zuzenbide estatuaren printzipioen urraketetatik babesteko. Gidalerroek zehatz-mehatz azaltzen dute nola aplikatuko den erregelamendua, EBren finantzaketaren azken hartzaileen eta onuradunen eskubideak babesteko modua barne.
Joan den otsailaren 23an, Batzordeak arau berriak proposatu zituen, jakiteko nork ikus eta erabil ditzakeen EBn sortutako datuak sektore ekonomiko guztietan. Datuen Legearen helburua da ingurune digitalean ekitatea bermatzea, datuen merkatu lehiakorra sustatzea, enpresei datuetan oinarritutako berrikuntzarako aukerak ematea, eta datuak eskuragarriagoak izatea denentzat, batez ere ETEentzat.