Merkatu Bakarreko Larrialdi Tresnaren helburua da mekanismo malgu eta gardena ezartzea, merkatu bakarraren funtzionamendua mehatxatzen duten larrialdiei eta krisiei azkar erantzuteko asmoz. Horretarako, EBk krisiei ematen dien erantzunaren koordinazioa, elkartasuna eta koherentzia bermatuko ditu, eta merkatu bakarraren funtzionamendua babestuko du. Azken eguna: 2022ko uztailaren 4a.
Kontsumitzaileak babesteko lankidetzari buruzko erregelamenduaren txostenaren helburuak bi dira: alde batetik, ebaluatzea haren ekarpena eraginkorra ote den kontsumitzaileak babesteko EBren legeria aplikatzeko orduan; eta, beste aldetik, Europa mailan kontsumitzaileak babesteko lankidetza aplikatzeko sarea indartzeko moduei buruz etorkizunean egin daitezkeen gogoeten berri ematea, mugaz gaindiko aplikazioa hobetzeko, praktika desleialei aurre egiteko eta krisi garaietan sarearen erresilientzia handitzeko. Azken eguna: 2022ko ekainaren 27a.
2014 eta 2020 artean garatu zen hirugarren Osasun Programaren azken ebaluazioak hauek aztertuko ditu: emaitzak eta emaitza horien eragina; eraginkortasuna, errentagarritasuna eta EBren balio erantsia; eta, azkenik, zerk funtzionatu zuen ongi eta zerk ez. Ebaluazioak ekarriko dizkigun ikasbideak laugarren Osasun Programa hobeki aplikatzeko erabiliko dira. Programa hori 2021 eta 2027 artean garatuko da. 2022ko ekainaren 3a da azken eguna.
Arau baterako funtsezkoa den teknologia babesten duten patenteei arauetarako funtsezko patenteak esaten zaie (PEN). Patenteen titularrek konpromisoa hartzen dute beren PENen lizentziak arauaren erabiltzaileei emateko, bidezko, arrazoizko eta diskriminaziorik gabeko baldintzetan. Hala ere, erabiltzaile batzuek egiaztatu dute PEN lizentziak emateko sistema ez dela ez gardena, ez aurreikusgarria, ez eraginkorra. Ekimen honen helburua da lizentziak emateko esparru justu eta orekatua sortzea, eta legegintzako ekintzak eta legegintzakoak ez direnak uztartzen ahal ditu. 2022ko maiatzaren 9a da azken eguna.
Babes ziurtagiri osagarriak (BZO) jabetza intelektualeko eskubideak dira, eta patente bidezko babesa zabaltzen dute sendagai eta produktu fitosanitario jakin batzuetarako. Nahiz eta erregimen hori egokia izan bere helbururako, EBko herrialdeen artean desberdintasunak daude sendagai eta produktu fitosanitario horien administrazioari eta aplikazioari dagokienez, eta desberdintasun horiek eraginkortasunik eza sortzen dute. Ekimen horrek BZO unitario bat edo prozedura bateratu bat ezarriko du BZO nazionalak emateko. Hala, BZOak eskuragarriagoak eta eraginkorragoak izanen dira, eta horrek mesede eginen dio osasun sektoreari. Azken eguna: 2022ko apirilaren 5a
Ekimen horrek langileen osasuna eta segurtasuna hobetuko ditu, langileak lanean amiantoaren eraginpean egotearekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzko 2009/148/EE Zuzentaraua berrikusiz. Eguneratzeak kontuan hartzen ditu azken aurrerapen zientifikoak eta teknikoak. Azken eguna: 2022ko martxoaren 22a.
Mikrobioen aurkako medikamentuekiko erresistentzia da mikroorganismoek (bakterioek eta beste batzuek) mikrobioen aurkako medikamentuekiko gero eta erresistenteagoak izateko duten gaitasuna; horren ondorioz, medikamentu horiek ez dira eraginkorrak. Mikrobioen aurkako medikamentuekiko erresistentzia pandemia isila da, eta mundu mailako premiazko erantzuna eskatzen du. Ekimen honen xedea da helburu eta jarduera zehatzak ezartzea, estatu kideek mikrobioen aurkako medikamentuekiko erresistentzia murrizteko gauzatzen duten ekintza indartzeko, batez ere osasun publikoaren eremuan. Azken eguna: martxoaren 24a.
In vitro diagnostikorako D motako (arrisku handieneko) zenbait osasun-produkturen zehaztapen bateratuek baldintza uniformeak eta sistematikoki zorrotzak ezartzen dituzte Batasun osoko produktuen errendimendurako. Produktu horiek honako gaitz hauek detektatzeko edo kuantifikatzekoak dira: GIBa, T zelulen giza birus linfotropikoa (IV. motakoa), B, C edo D hepatitisa, v-ECJ, zitomegalobirusa, Epstein-Barr birusa, Treponema pallidum (sifilia), Trypanosoma cruzi (Chagas-en gaixotasuna) eta SARS-CoV-2. Azken eguna: martxoaren 9a
Minbiziaren aurkako Europako Planean, minbizia bahetzeko plan berri bat iragarri du Batzordeak. Helburua da EBko herrialdeei laguntzea hau bermatzen: hemendik 2025era arte, bularreko, umetoki-lepoko edo ondesteko minbiziaren baheketa egiteko baldintzak betetzen dituzten Batasuneko biztanleen % 90ek baheketa hori egiteko aukera izatea. Ekimen horren bidez, alde batetik, 2003ko orientazioak eguneratu nahi dira; eta, bestetik, baheketa beste minbizi mota batzuetara zabaltzeko aukera aztertu.
Haurren eta eritasun arraroak dituztenen sendagaien garapena sustatzeko EBren arauek ia 20 urte daramatzate indarrean. Berrikuspen honek agerian utzi ditu berriki egindako ebaluazio batean hautemandako gabeziak, honako hauek bermatzeko: haurren eta eritasun arraroak dituzten pazienteen behar espezifikoetarako produktuen garapena, talde horiek sendagaiak eskuratzeko aukera egokia izatea eta ebaluatzeko eta baimentzeko prozedura eraginkorrak egotea.
2011/24 Zuzentarauaren arabera, EBko estatuetako herritarrek eskubidea dute EBko beste herrialde batean osasun-laguntza programatua eskatzeko eta tratamendua beren osasun-sistema nazionalari edo gaixotasun-aseguruaren hornitzaileari itzul diezaioten eskatzeko. Ebaluazio honek EBko arauek nola funtzionatzen duten aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: pazienteei EBko beste herrialde batean osasun-laguntza segurua eta kalitatezkoa ematea eta hornitzaile nazionalen arteko lankidetza sustatzea. Azken eguna, uztailaren 27a.
Osasun-laguntzan osasun-datuak bildu, erabili eta berrerabiltzeak berariazko erronkak ditu. Osasun-datuen Europako esparru baterako esparru juridiko bat diseinatzean ikuspegi posible guztiak kontuan hartzen direla bermatzeko eta gardentasuna eta kontu-ematea bermatzeko, Europako Batzordeak interesa duten pertsona eta alderdi guztiak gonbidatzen ditu beren ikuspegiak eta esperientziak partekatzera. Azken eguna, uztailaren 26a.