Egungo egoera geopolitikoan, Europako enpresa anitzek etenaldiak izaten dituzte hornidura katean. ECCPk jakin nahi luke zer ideia dituzten Europako enpresek hornidura katearen erresilientzia garatzeko. European Cluster Collaboration Platform (ECCP) erakundeak antolatu du inkesta, Europako Batzordearen izenean, Enterprises Europe Network sarearekin lankidetzan. Azken eguna: Ekainaren 6a.
Kontsumitzaileak babesteko lankidetzari buruzko erregelamenduaren txostenaren helburuak bi dira: alde batetik, ebaluatzea haren ekarpena eraginkorra ote den kontsumitzaileak babesteko EBren legeria aplikatzeko orduan; eta, beste aldetik, Europa mailan kontsumitzaileak babesteko lankidetza aplikatzeko sarea indartzeko moduei buruz etorkizunean egin daitezkeen gogoeten berri ematea, mugaz gaindiko aplikazioa hobetzeko, praktika desleialei aurre egiteko eta krisi garaietan sarearen erresilientzia handitzeko. Azken eguna: 2022ko ekainaren 27a.
Arau baterako funtsezkoa den teknologia babesten duten patenteei arauetarako funtsezko patenteak esaten zaie (PEN). Patenteen titularrek konpromisoa hartzen dute beren PENen lizentziak arauaren erabiltzaileei emateko, bidezko, arrazoizko eta diskriminaziorik gabeko baldintzetan. Hala ere, erabiltzaile batzuek egiaztatu dute PEN lizentziak emateko sistema ez dela ez gardena, ez aurreikusgarria, ez eraginkorra. Ekimen honen helburua da lizentziak emateko esparru justu eta orekatua sortzea, eta legegintzako ekintzak eta legegintzakoak ez direnak uztartzen ahal ditu. 2022ko maiatzaren 9a da azken eguna.
Babes ziurtagiri osagarriak (BZO) jabetza intelektualeko eskubideak dira, eta patente bidezko babesa zabaltzen dute sendagai eta produktu fitosanitario jakin batzuetarako. Nahiz eta erregimen hori egokia izan bere helbururako, EBko herrialdeen artean desberdintasunak daude sendagai eta produktu fitosanitario horien administrazioari eta aplikazioari dagokienez, eta desberdintasun horiek eraginkortasunik eza sortzen dute. Ekimen horrek BZO unitario bat edo prozedura bateratu bat ezarriko du BZO nazionalak emateko. Hala, BZOak eskuragarriagoak eta eraginkorragoak izanen dira, eta horrek mesede eginen dio osasun sektoreari. Azken eguna: 2022ko apirilaren 5a
Teknologia digitalek aska dezakete energiaren sorkuntza zein kontsumo malguek hainbat sektoretan duten potentzial guztia, eta energia berriztagarrien erabilera handiagoa erraztu. Ekintza-plan horrek lagunduko du ziberseguruak, eraginkorrak eta iraunkorrak izanen diren energia-zerbitzu digitalen eta energia-azpiegitura digitalen merkatu lehiakorra garatzen. Azken eguna, urtarrilaren 24a.